Kojón Prieto y los huajolotes Mexikoko folklorea hartu, irabiatu punkaren turmix batekin, erantsi algara, ironia eta gaiztakeri ukitu batzuk, eta horra hor talde honek eman ziguna. Eroen pare dantzarazi gintuzten beren kontzertuetan, eurek “Nafarroa Handia” deitzen zutenekoan harat-honat ibilki. Hasieran Tijuana in Blue eta Refugiados taldeetan aritutako jendea elkartu zen, eta inguruko beste hainbeste, eta taberna nahiz kale bazterretan jotzen zituzten emanaldiak, jendeak beren sonbreru tejano itzel haietan botatzen zituen txanponen truke. Laster, ordea, lehenengo Cda grabatuko zuten, eta ondoren beste bi, eta penintsula guztiko lokalak gainezka paratzen zituzten. Urteko diska bat ateratzen zuten, eta egun egiten ez den Gasteizko Bideo Jaialdia ere irabazi zuten euren bideoetako batekin. Historiarako geratu ziren hiru CD, beste bat kanta ospetsuenen bilduma, eta beren filmazio eta bideoak biltzen dituen bideo bat. 97an desegin ziren.