G701hegoko

Hamar kanta, musika estilo ugari eta mugiaraziko gaituzten testuak. “Linboan” da hasierako kanta, twist moduko erritmo erraza, baina hitzen umore autoironikoak zapuzten du tonu zoriontsu faltsua. “Egiozu kasu” folk-rock estiloan bizitzan zehar eginiko bidaia, askatasunik gabeko bidaia, aurkitzen dugu. Hirugarren kantak, “Guduka”, borroken absurdua doinu gogorrean aurkezten du. Hurrengoan, “Bertan goxo”, ipuin zahar bat kontatzen zaigu folk estiloan; bi kantu hauetan Batizen bakartsaioez goza dezakegu. Belaunaldien arteko ez-ulertuak aurkezten dira “Ez dut jakin nahi” izenekoan, hau izanen da power pop estiloko adibiderik garbiena diskoan. Ondoren, “Ezkabapean” skatalitikoak Iruñeko iparraldeko auzo langileen oroimena dakarkigu. Zazpigarrenak, “Nor da beste aldean?”, gogortzen ditu erritmoa eta gitarra soinuak telefonoekin ditugun arazoak umorez tratatzeko. Lirismo berezia sortzen da “Hegoak (In Dylan imitatione)”, balts hau Dylani Pello Lizarraldek egindako omenaldia dugu. Berriro power-pop estiloa agertzen da nagusi “Argia piztuta gogoan” kantan, sineskerien kritika ironikoa agerian. CDa ixteko, “Iruñean rokanrolik ez” kanta rock gogorraren parodia adeitsua da; lehen mailako eta nazioarteko rock (edo folk, jazz…) musika zuzenean entzun ahal izateko gure hiritik kanpora joan behar duten zaleei omenaldia izan nahi du.
Hamar kanta grabatu ditu Iruñeko talde beteranoak bere laugarren grabazioan. Hamabost urte pasa dira azken CD argitaratu zutenetik (“Hobe behin gorri ezen ez beti hori”, GOR, 1997) eta grabazio berrian aurreko bi diskoetan (“Balerdi Balerdi”, GOR, 1991; “Ez gara galdu”, GOR, 1994) azaltzen zen aniztasun musikalari eusten diote, power pop estiloa da Balerdi Balerdikoena, eta ez da belarria zorroztu behar grabazioan folk, rock gogorra edo ska bezalako erritmoak antzemateko.

Aurrekoetan bezala, kantu egilea Toño Muro izan da eta hitzetan Pello Lizarralde idazlearen laguntza izan du: azken honenak dira “Linboan” eta “Hegoak (In Dylan imitatione)” kantuen hitzak. Autoekoizpen hau Bizkaiko “Musikorta” estudioan grabatu eta nahasi dute 2012ko udan zehar, Xabier Nabarro “Jota” teknikariaren ardurapean. Balerdi Balerdi osatzen duten Sergio Ibarrola “Zara” (bateria eta perkusioak, ahotsak), Toño Muro (gitarrak, harmonikak, ahots nagusia) eta Karlos Ortiz (baxua) musikariek izan dituzten laguntzen artean Batiz gitarra jolearena da aipagarriena. Batizek “Bertan goxo” eta “Guduka” kantetan hartu du parte.