AZALATXIKI

      “GALTZEN IKASTEKO METODOA da BALERDI BALERDI taldearen CD berri honen izenburua, hala nola diskoa irekitzen duen lehen kantaren izena, eta baita abesti bilduma honen edukinak laburbiltzeko definizio ironikoa ere.

Iruñeko talde beteranoak 90.eko hamarkadan hiru album ekoitzi zituen (“Balerdi Balerdi” hamar hazbeteko biniloa, eta bi cd: “Ez gara galdu” eta “Hobe behin gorri ezen ez beti hori”). 2000.ean hamar urte inguruko parentesia ireki zuten, laugarren albuma,“Hegoko lautadaren ertzetik”, 2012.an argitaratu zuten arte.

Ibilbide honetan musikari batzuk aldatu badira ere, hasieratik mantentzen dira TOÑO (ahotsa eta gitarra) eta ZARA (perkusioa eta koruak), taldeko sortzaileak. Azken hiru urteotan laukotea osatu dute Berako bi lagunekin: PETTI (gitarra eta ahotsak) eta ANXEL (baxua). Laurok grabatu dituzte GALTZEN IKASTEKO METODOA cd-an dauden hamalau kantak, azken urte hauetan konposatu eta moldatutakoak.

Musika guztiak TOÑOk sortu ditu, baita letra gehienak ere. Hitzetarako PELLO LIZARRALDEren laguntza izan du: hura da hiru kanten hitzen egile (“Galtzen ikasteko metodoa”, “Gu eta ni”, “Fan fan oso fan”) eta letra guztien zuzentzaile.

AZALATXIKI

 

Hamalau kanta solte dira, baina cd-an agertzen den ordenean jarriak, disko kontzeptuala osatu gabe ere, nolabaiteko zentzu orokorra ematen diote bildumari. Alde batetik, haurtzarotik zahartzarorainoko ibilbidea garatzen dutelako, eta, bestetik, jorratzen dituzten gai batzuk errepikatzen direlako: heriotzaren presentzia, ametsak eta etsipenak, norberaren kontraesanak, musika eta musikariak… Agian gai serioegiak rock’n’rollerako, tonu ironikoa eta jostaria nagusituko ez balitz.

Lau musikarien formazioarekin, PETTIk jo dituen gitarren riffei eta zimikoei esker, taldeak beti egin duen pop-rock edo power pop estiloa indartsuago bilakatu da GALTZEN IKASTEKO METODOA honetan. Taldeak erritmo anitzak landu ditu: power pop sinkopatua (“Zanbalan”, “Huts egin dut”, “Elurretan”), rock’n’roll klasikoa (“Iruñea Motor City”, “Haur denborako egunak”, “Gu eta ni”), pop indartsua (“Galtzen ikasteko metodoa”) eta lasaia (“Amaitzear da dantza garaia”), baita tempo erdikoa ere (“Fan fan oso fan”). Bestalde, aurreko cd-an ugaria zen folk-rockaren presentzia nabarmen gutxitu da (“Itsasaldean”, “Bi izar”). Kanta guztietan entzun daitezke melodia iradokitzaileak, haietariko gehientsuenetan ahots moldaketa landuekin. Horiek baitira, izan ere, BALERDI BALERDIren ohiko ezaugarri nagusiak.