G657gorakada9

Urtebete joan da, eta hona gatoz berriz ere gure udako bildumarekin, Aurtengo Gorakada 9rekin. Bertan azken hilabeteotan argitara emandako diskoen errepasoa eta heldu den denboraldian argitaratuko direnen aurrerapen bat aurkituko duzu.

01) – BERRI TXARRAK: “Gelaneuria” – Gelaneuria da “Jaio. Musika. Hil” Lekunberriko (Nafarroa) hirukotearen bosgarren diskoa ixten duen kanta. Nazioartean ezagunena den gure talde honen azken disko goraipatua ezagutzeko gonbidapen berria.

02)- STUPENDA JONES: “Preso nago” Kanta hau “Etorkizuna lehertu” lanaren aurrerapena dira, hots, Stupenda Jones taldeak aterako duen disko berriarena. Sakanakoek dagoeneko osatu dute beren lehen disko osoa izanen den hau, 2004an Brigada Criminalekin erdibana egin zuten “split”-arekin debutatu ondoren. Oraingo honetan Stupendakoek bere rock & rolla biribildu dute haien ukitu propioa emanez. Taldearen soinua indartsua eta borobila da.

03) – LENDAKARIS MUERTOS: “Oso panda”.
Apirilean kaleratu zen “Se habla español”, ibilbide izugarri bizkorra egiten ari den Iruñeko talde honen bigarren lana. Bi urte hauetan, bi diskoetan grabatutako hogeita hemeretzi kantu, zuzeneko emanaldi zenbatezinak, bai Euskal Herrian baita estatuan ere, eta zaletu saldo bat atzetik; horixe da talde emankor honek lortu duena. Honezkero eszenatoki eta talde handiekin jotzen ohituta badaude ere, ez dituzte ahaztu gaztetxeak edota taberna ziztrinenak.

04) – LEIHOTIKAN: “Zabal dezagun euskara”.
Apirilean ikusi zuen argia ere Leihotikan taldearen laugarren lanak. Jardunean hamar urtez aritu ondoren, Euskal Herriko Hardcore melodikoaren ordezkaririk onenak direla aitortzen zaie. Aurkezten dizugun kanta hau Iruñeko taldearen “Ilunago, ederrago” azken diskoko koloretsuenetako bat da.

05) – MALLACÁN: “Asti soniaré”.
2005eko azaroan “País zierzo” argitaratu genuen, zuzenekoetan 14 urte baino gehiagoko eskarmentua duten zazpi musikarik osatzen duten Aragoiko talde harrigarri honen hirugarren lana. Mallacanek maisutasunez uztartzen ditu hainbat estilo eta tresna: rocka reggaerekin, gitarrak gaita eta eskusoinuarekin… Diskoa haien hizkuntzan dago grabatua, aragoieraz, eta taldearen maila agerikoa da lehen konpasak entzuten direnetik, aditzen den lehen alditik.

06) – KEROBIA: “Esnatu naiz”.
Kerobia 2004an Euskal Herriko eszenan ustekabea eman zuen taldeetako bat izan zen. Hainbat lehiaketetan garaile, argi utzi zuten euskal rockaren itxaropen indartsuenetako bat zirela. Haien bigarren diskoak, behin betiko grabazioaren zain eta dagoeneko ederki maketatua eta entseatua, taldearen behin betiko sendotzea ekarriko duela uste dugu. “Rose Escargot” datorren urrian izanen da salgai, eta haren esperoan gauden bitartean, hemen duzu, hura samurtzearren, bere aurrerapen kanta: “Esnatu naiz”

07) – EZINEAN: “¿¿??”
Aurreko maiatzean Azpeitiko (Gipuzkoa) talde gazte honen lehen diskoa kaleratu genuen. Maketa bat eta haien inguru ezagunean egindako zuzeneko batzuk aski izan ziren laukote honek oniritzia irabaz zezan bere lehen diskoaren grabaketarako, “Ezinean”. Ondoren, kritikek harridura eta gorespena baino ez dute agertu. Haien burua era xumean aurkezten dute, eta hona etorri zaizkigu, bere amerikar kutsu nabariko hardcore melodikoarekin, gozatzeko eta gozamena ekartzeko.

08) – CHICARELA: “Egoístas”.
Aurreko martxoan Jabi Zurbanok, Flitter taldeko gitarrajoleak, harrituta utzi gintuen ia berak bakarrik grabatutako CD batekin, ordura arte Lizarrakoak (Nafarroa) kaleratutako guztiaz erabat ezberdina baitzen. Kanta xumeak, zuzenak eta ongi moldatuak, gai erromantikoak, pertsonalak eta trufaz beterikoak. Liskarraren esanahia duen “Chicarela” diskoa argitaratu ondoren Jabik eskarmentu handiz osaturiko talde indartsua osatu du kanta berri hauek zuzenean ezagutzera emateko.

09) – LOR: “Izar berri”.
Elorrioko (Bizkaia) laukoteak pasa den azaroan bere bigarren diskoa kaleratu zuen, “Bakoitzari berea”. 2003an argitaratutako lehen diskoaren arrakastaren laguntzarekin, zuzeneko mordoa eman dituzte, eta baita gustu on ikaragarria erakutsi ere metalaren eta melodiaren arteko rockaren uztartzean, zeinean nagusi diren. Aurkezten dizugun kantu honetan Habeas Corpus taldeko M.A.R.S. abeslariaren laguntza izan dute.

10) – SÖK: “¿Quién salta al vacío?”
“13 Mantracks” haien lan berriak argia ikusi berri du, eta dagoeneko Iruñeko boskote hau sekulako ezustea ematen ari da, bai kritiken baita salmenten aldetik ere, eta hori askotxo esatea da gaur eguneko diskogintzaren munduan. Arrakasta honek badu aurretik egindako lan eskerga; Iker Piedrafitarekin grabatutako maketa bat, LPH & Friends (Zero Records) bilduman ateratako kanta bat, eta estatu osoan zehar emandako ehun bat zuzeneko. Horregatik, Sök taldeari buruz aritzen garenean, talde berri bat baino gehiagoaz ari gara.